Páginas

28 de febrero de 2012

Beriain Aralarko Santutegitik




Antzinako denboretan, Goñerriko Teodosio "Buruzagia" izeneko jauna musulmanen aurka borrokatzera joan zen. Urte batzuen buruan etxera itzultzean, Basajaunez mozorroturiko deabruak (edo ermitau batek) esan zion bere emaztea morroi batekin zebilela. Sumindurik, Teodosio sartu zen logelan eta han zeudenak erail zituen, emaztea eta ustezko amorantea zirela pentsatuz. Laster, ordea, konturatu zen dena engainu bat izan zela, eta bere gurasoak hil zituela. Damutu eta abaildurik, Erromaraino joan zen erromes, eta barkamena eskatu zion Aita Santuari. Horrek horrenbeste egin zuen, zigor hau ezarrita: gorputza kate astun batzuek estutua, Aralarko mendatean ibiliko zen, kateok erori arte. Penitentzia betetzen ari zela, halako batean, herensuge ikaragarri batek eraso egin zion. Teodosiok San Mikelen babesa erregutu zuen. Orduan goiaingerua agertu zitzaion, eta, «Nor Jainkoa adina!» esanda, piztia akabatu zuen. Une horretantxe, Teodosioren kateak lurrera erori ziren, eta Teodosiok, bere esker ona adierazteko, aingerua adoratzeko eliza —Done Mikel in Excelsis tenplua— eraiki eta bertan gelditu zen. Horren guztiaren lekuko, erdiko kaperaren sarreran zintzilik dauden kateak (penitentzia seinale, alde batetik; eta, bestetik, Kristok gizakiarentzat dakarren askapenaren zeinua, Hark hautsi baititu bekatuaren eta heriotzaren kateak) eta paretan dagoen zuloa, non, fededunek, burua sartuta, kredoa errezatzen baitute deabruaren eta indar txarren kontrako exorzismo gisa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...