Páginas

25 de noviembre de 2011

Hilerri zaharra

"Zer polita den ezpata, gutxienez berezia. Neardertaldarrek honelakoak erabiliko zituztelakoan nago. Eta ezpata moduan erabiltzeaz gain, beisbolean ere aritzeko ongi etorriko zaigu. Pilota faltan. Ez, ez, horiek handiegiak dira beisbolean aritzeko. Eta handi hauekin futbolean hasten bagara? Gogorregiak, agian. Min hartuko dugu behatzetan, seguru. Agian rugbian...  "Toys"r"us"en garela dirudi, horrenbeste jostailu..."

Hilerri zaharretik azaleraturiko arbasoen gorpuzkinak ilargipean

Horrelako burutazioak izanen ziren herriko haurren garunetatik pasako zirenak istoriotxo hau gertatu zenean.
Hilerri zaharra oso aspaldi abandonatu egin zen, berria eraiki zutenetik. Bertan inor lurperatu izana ez dago nire oroitzapenen artean. Egingo zuten berria buruan zerabilzkien mamuak usatzeko?. Bertan akabatutako 51 errugabeen arimen eskuetatik alde egiteko? 36ko sarraskian kanposantuaren hormek 51 laguneri arnasa lapurtu zieten balak gelditu zituzten.
Etxauritar askok ere lau pareten arteko baratzean atsedena  hartu zuten. Behar bezala lurperatuak, sakramentu guztiekin, azkeneko bidaiaren bukaeran oztoporik izan ez zezaten nagusiaren ondoan egon ahal izateko.
Hilerri berria egin zenean hor geratu ziren asko. Beste batzuk gora eraman zituzten, mendatearen albo batera betiko deskansatzera. Beste batzuk, 36ko umezurtzek eta haien semeek eraman zituzten beraien herrietara.

Duela urte batzuk, bosturteko bat edo, hilerri zaharra zegoen tokian txaletak eraikitzeko urbanizazio berri bat eraikitzeari ekin zioten. Makinak han eta hemenka, lurra gora eta behera, gorpuzkinak gora eta behera, batez ere gora, amets luze eta lasai hartatik ateraz. Isterrezurrak, besahezurrak, sahiets-hezurrak, garezurrak...  eta haurrak, haurrak nonahi, inoiz ikusita ez zutenarekin jolasean, naturaltasunez, heriotzaren berri izango ez balute bezala. Irudi harrigarriak, politak. Arbasoak jostailu bihurtuak.

Etxe batzuk, dagoeneko, eginda daude. Krisia dela medio, ez da ia eraikitzen, edo gutxi. Edozein kasutan, goiz edo berandu eraikiko dira. Eta jendea biziko da hor, eta haurrak jaioko dira, haziko dira, hilko dira, baina argi izan dezatela bizitza osoa kanposantuan emango dutela, hil ondoren egingo duten bezala.
Related Posts Plugin for WordPress, Blogger...